Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 17a, 18:38

 

24 orduko lanuztea egingo dute Guardianen, Autoglas-Glavistako 240 langileei elkartasuna adierazteko
Uztailaren 10ean berrekin zituzten Autoglas-Glavistako langileek mobilizazioak. / Aiaraldea.eus

Aste osoko mobilizazio egutegia kaleratu du Guardianeko enpresa batzordeak. Enpresaren jarrera ulergaitza dela uste dute eta negoziatu dezan exijitu diote, Autoglas-Glavistako 240 langileen postuak bermatzeko.

Negoziazio prozesuak langileentzako amaiera ona izango zuela zirudienean, Guardianek “azken orduko bira” eman zuen enpresaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren lursailak saltzeari uko eginez, Autoglas-Glavista erosi nahi duen inbertsorearen arabera. Horren aurrean, Autoglas-Glavistako beharginek uztailaren 10ean berrartu zituzten mobilizazioak, eta aste honetan indartu egingo dituzte borroka eta elkartasun ekintzak.

240 lanpostu daude arriskuan eta enpresa batzordeak Guardiani egozten dio lantegiko haizetakoen dibisioa desagerrarazi nahi izatea. Horregatik, langileen egoeraren “lehen eta azken” erruduntzat jo dute multinazionala. Guardianeko enpresa batzordeak azaldu du ezin dela ulertu honek lursailak saltzeari uko egitea, prozesuan agertu diren arazo guztiak konpondu direnean erakunde publikoen esku-hartzearekin. Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, labea berritzeko dirulaguntzak ere eskaini dizkiote Guardiani, eta honek “Laudioko fabrikaren bideragarritasuna bermatuko luke urte luzez”.

Hori dela eta, oharra kaleratu dute zuzendaritzari exijitzeko inplikatutako aldeekin irtenbidea negoziatzea eta Glavistaren bideragarritasuna ziurtatzea. Gainera, uste dute enpresaren ezezkoak deskonfiantza sortzen duela Guardianen inguruan eta horrek etorkizunean Laudioko lantokia ere kolokan jar dezakeela.

Elkartasuna eta borroka indartzeko astea

Hori dela eta, Laudioko Guardianeko langileek euren alea jarri nahi dute Autoglas-Glavistako kideen borrokan. Gaur bertan bi informazio asanblada orokor egin dituzte, 10:30ean eta 16:30ean. Autoglas-Glavistako langileek, euren aldetik, elkarreratzea egingo dute bihar, 12:00etatik 13:00etara.

Osteguna izango da borroka egun seinalatuena, Guardianeko langileek 24 orduko lanuztea egingo baitute. Horren baitan, elkarretaratzea egingo dute 12:00etatik 13:00etara Guardianeko atean eta arratsaldean, 19:00etan, manifestazioa deitu dute bertatik, Autoglas-Glavistako Enpresa Batzordearekin eta SOS Aiaraldearekin batera.

Azkenik, ostiralean, Autoglas-Glavistako beharginek elkarretaratzea egingo dute berriz fabrikako sarreran, ohiko orduan (12:00etatik 13:00etara).

Redimensionar texto-+=
Compartir esto